Badirudi udak bizimoduaren erritmoa moteldu egiten duela. Gure artean ere kanpainak eta hainbat ekitaldi amaitu egin dira, baina misiolarien lanak ez du etenik. Izan ere, atsegin handiz hartzen ditugu oporretan dauden misiolarien bisitak. Haien misio-lana gerturatzen digute eta bide batez, haien proiektuak eta kezkak elkarbanatzen dituzte. Zumaiako Angela Egaña erlijiosa oporretan dago, baina haren agenda guztiz beteta dago. Hil honen 11an Misioak eta Lankidetzako egoitzatik pasa zen. 60 urteko Mariaren Mirabe honek 12 urte daramatza Kamerungo landa-eremuan. Angelaren elkarteak zuzentzen duen ospitaleak hazten jarraitzen du gero eta zerbitzu gehiago emanez. Inguruan bizi duten gatazka armatuaren ondorioz, egoera oso larria da. Hala ere, erlijiosek ospitalean bi alderdietako gaixoei eta zaurituei ematen diete arreta.

Angelak elkarrizketan adierazten zuenez, pausoak ematen ari dira ospitalearen etorkizuna bermatzeko bertako erlijiosa gazteak prestatuz.