Misio bokazioei dagokienez, aste hau oso betea dago. Alde batetik, bokazio guztietaz ohartu eta haien alde otoitz egiteko aukera ematen digu Elizak. Bokazioen Astea ospatzen ari gara, eta, astea burutzeko, Bokazioen alde otoitz egiteko Mundu Jardunaldia eta Misio Herrietako Bokazioen Jardunaldia, IV. Pazko Igandean. Hori dela eta, Elizbarrutiko Bokazio Pastoraltza eta Misioak eta Lankidetza Zerbitzuak honako gonbita luzatzen dizuegu: Ostiral honetan, hilak 6, 18:30etan, Lasarte-Oriako Brijitar Lekaimeen Monasterioan izango den Bokazioen aldeko otoitzaldian parte hartzeko.
Bestalde, Aita Santuaren Misio Ekintzak urteurren bereziak ospatzen ari dira aurten. Fedearen Zabalkuntzaren Misio Ekintza duela 200 urte sortu zen Paulina Jaricot, laika frantsesaren eskutik.
Berak inplikatu baitzituen bataiatu guztiak misiogintzan. Haren ekimenak Elizaren misio-norabidean lehena eta geroa ezarri zituen. Hau izan zen beste Misio Ekintzen kimua –Haur Misiolariak eta San Pedro Apostolua-, guzti horiek ekimen partikularrak. 1922ko maiatzaren 3an Pio XI Aita Santuak bere gain hartu zituen eta Aita Santuarenak aitortu zituen. Beraz, 100 urte bete dira. Misiolariek ere bat egiten dute ospakizun honetan Aita Santuaren erakunde honek munduko ebanjelizatze-lanean laguntzen duena elkarbanatuz.