Ofelia Robledo ahizpa Sakramentu Santuaren mertzedaria mexikarra da. Urteetan Donostiako Herrera auzoko haurtzaindegian egon zen, baina Mozambikeko misioaren ardura hartu zutenean bertara joan zen duela 10 urte, hain zuzen ere, Iparraldeko Pemba hiriko kanpoaldera, Egun hauetan Herrerako etxean dagoenez Elizbarrutiko Misioak eta Lankidetzako egoitzara etorri zen bisitan herenegun solas egitera eta bide batez, hemendik bidaltzen zaien diru-laguntza eskertzera. Ofelia ahizparen elkarteak, Pemban nesken etxea du non 40 neska bizi diren. Martxoan, gure Elizbarrutietako Misioen kanpainan haien proiektua ezagutu ahal izan genuen. Pemba hiria Mozambikeko Iparraldean dago eta Ofelia ahizpak azaltzen zuen bezala, Mozambiken emakumearen egoera zaila da. Horregatik arriskuan dauden neskak haien etxean hartzen dituzte osoko heziketa bat bermatzeko. Izan ere, Ofelia ahizpak uste osoa du heziketa errealitatea eraldatzeko giltza dela. Barruan dituzten zauriak sendatzen laguntzen diete benetako askapena lor dezaten.

 

Bestalde, Iparraldean yihadisten indarkeriaren ondorioz, herritar asko Pemba inguruan errefuxiatu dira hiru esparrutan haien etxeak utzirik. Iheslarien seme-alabei ere jatekoa ematen diete erlijiosek eta haiekin jokoak eta hainbat ekintza antolatzen dituzte. Beraz, Pembako misioan erronka asko dute.