Azpeitiko Iraurgi Ikastetxean elkartasun proiektu ederra bultzatu zuten joan den ikasturtean zehar. Ikasturte zaila izan arren, egoera latzago bizi dutenei begira jarri ziren eta hainbat ekitaldi antolatu zuten Pembako nesken etxearen aldeko elkartasuna adierazteko. Maiatzean, Elizbarrutiko Misioak eta Lankidetza Zerbitzuko kideek nesken etxea kudeatzen duen elkarteko bi erlijiosekin bisitan joan ziren Iraurgira non Lehen Hezkuntzako mail guztietan testigantza eman ahal izan zuten eta ikastetxean antolatutako ekitaldietan bildutako dirua txeke erraldoi batean entregatu zieten ikasleek.
Ikasturte hasiera honetan eta Ofelia ahizpa Donostian dagoela aprobetxatuz, Ofelia bera joan da gaur Iraurgira Mozambikeko bi nobiziarekin laguntzarengatik eskerrak ematera. Gelaz gela ibili dira eta saio bakoitza elkartasun-jai bat bilakatu da: nobiziek kantatu eta musika-tresnak jo dituzte eta Azpeitiko neska-mutilek dantza egin dute. Gure elizbarrutian elkartasun-sareak josten jarraitu behar dugu.